EGUNEKO DATUAK
osteguna, 26 de iraila de 2024
IKASTURTE BERRIA, HAZTEKO
SARRERA HEZITZAILEENTZAT

EBANJELIOA: Lukas 1, 37

«Jainkoarentzat ez baita ezer ezinezkorik».

IRAKURGAIA

Ikasturtea hasteko modu ona dugu ahaleginaren, hobetzeko asmoaren eta nahi duguna lortzeko motibazioaren garrantzia gogoratzea.

 Askotan, gure helburua lortzeko edo helmugara iristeko gauza ez garela sentitzen dugu; batzuetan, “ez da gai” etiketa jartzen digutelako, besteetan, geuk gure buruari “ez naiz gauza”, “ezin izango dut”, “ezinezkoa da”, “uf, ez dut lortuko” eta antzekoak esaten dizkiogulako. Hala, amore ematen dugu… behin edo birritan ere saiatu gabe.

 Ondoren, gure ahalmena eta gaitasuna ezagutzearen eta gure buruan konfiantza izatearen garrantzia nabarmentzen digun ipuin bat irakurriko dugu.

 

 Elefante kateatua-ren istorioa

 Mutikoa nintzenean, izugarri gustatzen zitzaizkidan zirkuak, eta zirkuetatik animaliak nituen gogokoen. Niri ere, beste batzuei bezala (gero jakin bainuen), elefanteak ematen zidan atentzioa. Funtzioak iraun bitartean, piztia izugarriak bere tamaina, pisua eta indar itzela nabarmenki erakusten zituen…, baina funtzioa amaitu ondoren, hurrengoa hasi arte, hanka batetik kate batez lurrean sartutako taket batera lotuta geratzen zen elefantea.

Hala ere, taketa egur-txatal bat zen; zentimetro batzuk baino ez zituen lurrean sartuta. Eta katea lodia eta gogorra zen arren, nik argi neukan zuhaitz bat errotik ateratzeko gauza zen animalia hark taketa erraz atera eta ihes egin zezakeela. Hortxe misterioa: Zergatik egoten zen geldi? Zergatik ez zuen ihes egiten?

Bost edo sei urte nituenean, nik oraindik nagusien jakituriari jaramon egiten nion. Hortaz, maisu, aita edo osabaren bati elefantearen misterioaz galdegin nion. Norbaitek halaxe hazita eta hezita zegoelako ihes egiten ez zuela esan zidan. Orduan, berriz galdetu behar:

-       Halaxe hazita eta hezita badago, zergatik lotzen dute?

Ez dut erantzun koherenterik entzun nuenik gogoratzen.

Denboraz, elefantearen eta taketaren misterioa ahaztu… eta galdera berbera egindako beste batzuk aurkitzen nituenean bakarrik gogoratzen zitzaidan. Orain zenbait urte jakin nuen, nire zorionerako, norbait erantzuna aurkitzeko bezain jakintsua izan zela: Zirkuko elefanteak ez du ihesik egiten txiki-txikitatik antzeko taket bati lotuta egon delako.

Begiak itxita, elefantetxo jaio berria taketari loturik imajinatu nuen. Ziur nago une hartan elefante kumeak bultza eta tira egin eta izerdia bota zuela, askatu nahian. Baina gogor ahalegindu arren, ez zuen lortu askatzerik. Taketa gogor zegoen berarentzat. Zin egingo nuke neka-neka eginda loak hartu zuela eta biharamunean berriz saiatu zela, baita hurrengoan ere, eta ondorengoan,… egun batean, egun izugarri batean, animaliak gauza ez zela onartu eta amore eman arte.

Zirkuan ikusten dugun elefantetzar indartsu honek ez du ihes egiten, gaixoak ezin duela uste duelako. Gogoan du jaio berritan sentitutako ezer egin ezina. Eta txarrena da inoiz ez duela oroitzapen hori zalantzan jarri. Inoiz, egundo, ez da saiatu bere indarra berriz probatzen.

JORGE BUCAY. Cuentos para pensar

 

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

GOGOETARAKO

Pentsatu duzu ipuin honen ikasbidea zein izan daitekeen? Beharbada inoiz elefantearena gertatu zaizu.  Zerbait egiten saiatu zara eta, espero bezala atera ez zaizunez, ez zara berriz saiatu. Zergatik? Gure helburua/asmoa lortu ez dugun egun horretan, gure buruan ezin izan dugula grabatu delako, porrotak gogoan lekua hartu digulako, lortuko ez dugula uste dugulako… baina, beharbada, berriz saiatzen bagara, emaitza bestelakoa izan daiteke. Agian, lor dezakegu… eta orduan gogoan pentsamendu positiboak eta arrakasta graba ditzakegu: “Lortu dut!”

 

OTOITZA

BIDEOA: BULEGO taldearen abestia: Zure begi horiek

https://youtu.be/gobUEa9v2Pw?si=5CQkq8Z8GqsGDsb1

 

OTOITZA

Jauna, eman niri amets berriak. Eman. Ezarri. Eragin. Sartu. Iradoki.

Egin ametsak eta ehundu nire bihotzeko gotorlekuetan.

Lot itzazu ondo, nik ihesik egin ez dezadan.

Eman iezazkidazu zuk nire bizitzarako dituzun nahiak. Sortu, zirrara egin eta lorifikatzeko nahiak.

Lot itzazu nigan maitasunezko, bakezko eta fedezko gurariak, burutzen direnean zure aintzarako izan daitezen.

Eman iezazkidazu helburuak. Eman iezadazu asmoa. Eman iezadazu poza. Eman niri amets berriak. Amen.

 


 

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!