EGUNEKO DATUAK
asteazkena, 2 de urria de 2024
REFLEXIONES ALTERNATIVAS PARA ESTE DÍA:
GOIZEKO GOGOETA/ LH4-5-6/urriak/I/asteazkena
GG/LH4-5-6/Urriak/I/asteazkena

JAINKOAREKIN BAZKALDU

Mutiko batek Jainkoa ezagutu nahi zuen.

Bazekien bidaia luzea egin beharko zuela Jainkoaren bizilekura iristeko, beraz, poltsa batean pastel txikiak eta freskagarriak sartu zituen; gero, bideari ekin zion.

Hiru kale igaro zituenean, emakume bat ikusi zuen. Bakarrik zegoen, parkeko banku batean eserita, uso batzuei begira.

Mutikoa emakumearen ondoan eseri zen eta poltsa ireki zuen. Freskagarrietako bat edaten hasi zenean, emakumea begira zuela ohartu zen. Beharbada gose zen; hortaz, pastel txiki bat eskaini zion.

Emakumeak, esker onez, irribarre egin zion. Oso irribarre ederra zen emakumearena.

Mutikoak berriz ikusi nahi izan zuen eta freskagarri bat eskaini zion.

Emakumeak berriz egin zion irribarre. Mutikoa pozarren zegoen.

Arratsalde osoa eman zuten elkarrekin, jaten eta edaten eta elkarri irribarre egiten, tutik esan gabe.

Iluntzen hasi zenean, mutikoa bankutik altxatu zen; nekatua zegoen eta etxera itzuli behar zuen. Pauso batzuk eman zituen, baina bat-batean atzera bueltatu zen, emakumearengana. Besarkada estua eman zion. Emakumeak, besarkatu ondoren, ordainetan, irribarre zoragarria eskaini zion mutikoari.

Mutikoa etxera iritsi zenean, ama harrituta geratu zen semearen zorion-aurpegia ikustean:

- Semetxo, zer egin duzu gaur hain zoriontsu egoteko?

Mutikoak:

- Gaur Jainkoarekin bazkaldu dut!

Eta amak ezer esan orduko:

- Eta badakizu zer? Inoiz ikusi dudan irribarrerik ederrena dauka.

Bitartean, emakumea, pozarren, bere etxera itzuli zen. Semea harrituta geratu zen haren bake-aurpegiera ikustean.

Ama, zer egin duzu gaur hain zoriontsu egoteko?

Emakumeak:

- Jainkoarekin bazkaldu dut parkean!

Eta semeak ezer esan orduko:

- Eta badakizu zer? Pentsatzen nuena baino gazteagoa da!

OTOITZA

Bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=xmxKs5L0b4Q

 

OTOITZA:

JESUS, lagun egiguzu denok

elkar maita dezagun.

Herri guztiak izan daitezela

elkarren adiskide;

denok maita dezagula elkar

senide bezala.

Gure artean zoriona eta bakea

egiten lagun egiguzu.

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!