EGUNEKO DATUAK
asteartea, 17 de abendua de 2024
BERRI ONA DA GURE DENBORA BESTEEI ESKAINTZEA
SARRERA HEZITZAILEENTZAT

Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

Kamal eta bere gurasoak eskiatzera zihoazen. Astebete igaroko zuten eski-estazio handi batean. Harainoko bidaia luzea zen eta goizetik atera ziren etxetik. Afalordurako iritsi nahi zuten. Kamal oso pozik zegoen, garaile olinpiko batek irakatsiko baitzion eskiatzen. 

Bidean zihoazela elurra hasi zuen. Loditzen hasi zenean, Kamalen gurasoek autobiatik irtetea erabaki zuten. Aurkitzen zuten lehenengo herrian, atertu arte itxarongo zuten. 

Justu herri batera iritsi baino lehentxoago, Kamalek argi batzuk ikusi zituen bide-ertzean.

- Aita! Aita! Begira! Hor, bazterrean, argi gorri batzuk ikusten dira. Gelditu autoa!

- Kamal, elurra mara-mara ari du. Iluntzen hasita dago. Ezin gara argiok ikusteko gelditu – esan zion aitak.

- Eta norbait errepidetik atera bada?

- Ongi da – esan zuen aitak-. Baina neu joango naiz ikustera. Zu amarekin geratuko zara.

Kamalen aita, berokia eta txaleko islatzailea jantzita, begiratzera atera zen… eta auto bat erdi iraulita ikusi zuen bide-ertzean. Gizonak, laguntza eskatzeko asmoz, mugikorra atera zuen, baina ez zen seinalerik iristen. Kamalen aitak autoaren barrura begiratu zuen. Emakume bat zegoen. Ia indarrik gabe zerbait esatea lortu zuen:

- Umea…

Orduan Kamalen aitak, autoaren atzeko leihoak garbitu ondoren, berriz, barrura begiratu… eta umetxo bat ikusi zuen aulkitxoan lo. Gizona atea irekitzen saiatu zen, umea lehenbailehen ateratzeko, bana berak bakarrik ezin izan zuen ireki.

- Laguntzaren bila noa. Oraintxe nator. Egon lasai.

Kamalen aitak bere autorantz begiratu zuen eta emazteari eta semeari seinaleak egin zizkien, ikusiko zituzten esperantzaz.

- Ama, aita seinaleak egiten ari da. Banekien zerbait gertatu dela.

Kamalek eta amak berokiak eta txalekoak jantzi zituzten eta autotik jaitsi ziren.

- Beharbada erreminta-kaxa eta botikina hartu beharko genituzke – esan zuen mutikoak.

Hiruron artean eta erreminta-kaxari esker autoa ireki eta umetxoa atera zuten. Kamalek besoetan hartu zuen eta umeari bere beroa ematen saiatu zen. Bitartean, bere gurasoek emakumea ateratzea lortu zuten.

Ozta-ozta autora iritsi eta barrura sartu ziren. Kamalen aitak kateak jarri zizkien gurpilei eta, kontu handiz, herriraino gidatu zuen autoa.

Behin herrian sartu ondoren, lehenengo etxeko atea jo eta, ireki zietenean, mesedez laguntzeko eskatu zuten. Laster, herritar guztiak mobilizatu ziren. Denak zeuden prest kanpotar haiei ostatu emateko eta edozertan laguntzeko.

- Ez gara afalordurako iritsiko  - esan zuen Kamalen aitak.

- Ez dio ardurarik, aita. Hau askoz garrantzitsuagoa da.

Kamal eta gurasoak herrian geratu ziren, anbulantzia iritsi eta ama-semeak ospitalera eraman arte.

Kamalek garaile olinpikoaren klaseak galdu zituen, baina ez zitzaion axola. Bere bizkortasunari eta ahaleginari esker ama-semeen bizia salbatu zen. Zalantzarik gabe, merezi zuen. 

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

GOGOETARAKO

Zein da istorio honen mezua? Egin dugu ezer gure ikaskideen alde, etxean laguntzearren,… ala gurago dugu beste batzuk ahalegintzea?

Gaur, izan dezagun detaile bat gure ondokoekin.

OTOITZA

BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=aF4lMplHxfk

SOLIDARITATEA - OTOITZA:

Agur Maria graziaz betea,

Jauna da zurekin,

bedeinkatua zara zu andre guztien artean

eta bedeinkatua da zure sabeleko fruitua Jesus.

Santa Maria Jaungoikoaren Ama

erregutu ezazu gu pekatarion alde

orain eta gure heriotzako orduan. Amen.

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!