EGUNEKO DATUAK
asteartea, 14 de urtarrila de 2025
IZAN GAITEZEN
Kaixo lagun! Urte berriari martxa hartu diogu eta hementxe gaude aukera zoragarriz betetako aste berri honen atarian. Aste berezia Donostiar eta Azpeitiarrentzat baina baita festa giroa maite dutenentzat… Gora Donostia!
SARRERA HEZITZAILEENTZAT

Kaixo lagun!
Urte berriari martxa hartu diogu eta hementxe gaude aukera zoragarriz betetako aste berri honen atarian. Aste berezia Donostiar eta Azpeitiarrentzat baina baita festa giroa maite dutenentzat… Gora Donostia! Danbor soinuek eraman gaitzatela gure proiektu zoriontsuetan murgiltzera. “Sebastian bakarra zeruan” eta GEU bakarrak munduan. Egunerokoarekin eta esku tartean ditugunekin, aste honetaz goza dezazuela.
Aste ON izan dezazuela!

01. MUNDU BAT, BERTSO BAT... IMAJINATU DEZAGUN BESTE MUNDU BAT POSIBLE DELA...

ETA BERTSOAK GURE GOGOTAN LAGUNDUKO GAITUZTE. 

Ez gaitezen oso urrutira joan eta bertsoek zabaltzen diguten mezua, gure egunerokotasunean eta errealitate gertuenean begirada jartzen lagundu gaitzatela...

 

Izan gaitezen
BERTSOLARIA(K): ALAIA MARTIN
DOINUA: TRUMOIA ORTZI BELTZEAN HOSKA


Ipuin klasikoetan agertzen den maitasun erromantikoaz, eta printze-printzesa rolez.

Printze eta printzesen arteko maitasun erromantikoa ageri zaigu ipuinetan:
norbaitek salbatzen gaitu, norbaitek egiten gaitu zoriontsu.
Besteen zain, besteen mende, besteentzat beti.

 

https://bertsoikasgela.eus/baliabideak/103/

 

1.
Printzesa eder, printzipe guapo
Mari Errauskin edota zapo…
naranja erdirik ez zazu bila;
zeu osoa zarelako.
Zeure begiez bizi, eta ez
besteen begientzako
-egin dorretxetik salto-
Aske bazara ez duzulako
askatzailerik beharko.

 

2.
Konplexuz gizen ta pisuz lumak,
besteentzako panpin kuttunak
izan gaitezen agintzen digu
sarritan gure garunak.
Izan gaitezke handi zein txiki,
azkarrak edo tuntunak,
braketdunak, barredunak...
Erakargarri egiten gaitu
gure berezitasunak.

 

3.
Bizitzak dauzka hainbat zutabe
pozak, tristurak ta dudak daude…
Dena aldatzen da, ta soilik gara
geure buruaren jabe.
Ate bat itxi eta beste bat
zabaltzen da parez pare;
lotu ta askatu xuabe.
Edonor gabe bizi gintezke
eta edonor gu gabe.

 

4.
Gaurrak puskatzen du iragana
eta egunak gaua darama
eta hasten den bezain natural
bukatzen da harremana.
Ez zazu pasa bizitza osoa
begiratuz beste(e)ngana;
bila zazu zeugan barna:
zeu zara zeure zorionean
eragin gehien daukana.

 

5.
Jardin handi bat duten etxeak
asko balio duten kotxeak
bikote beti irripartsuak
Instagrameko poseak…
Askatasuna ematen digu
topikoak birrintzeak
inperfektu sentitzeak
ipuinetan bakarrik daude
printzesak eta printzeak.