EGUNEKO DATUAK
asteartea, 21 de urtarrila de 2025
ADISKIDE BIAK

Baziren behin oso adiskide onak ziren mutiko bi. Ahal zuten guztian laguntzen zioten elkarri, eta primeran pasatzen zuten beste lagunekin batera jolasten. Bietako batek oso atsegin zuen armonika jotzea. Beti zerabilen ahoan, beti gogokoen zituen abestiak jotzen. Poltsikoan sartuta leku guztietara eramaten zuen. Beste adiskideak patinatzea zuen atsegin. Arratsalde oro patinatzen ematen zuen, han eta hemen, saltoka eta zilipurdika.

Batzuetan, biek batera, batak armonikarekin eta besteak patinekin, ikuskizun harrigarriak  eskaintzen zituzten kalean. Batek armonika jotzen zuen bitartean, besteak musikaren erritmoaren arabera zuen patinatzen. Jendeak txalo egiten zien orduan.

Iritsi ziren Gabonak; adiskide biek elkarri zerbait oparitzeko ohitura zuten; gauza soilen bat, elkarrenganako estimua adierazteko. Patinatzea atsegin zuenak lagunari armonika berri bat oparitzea erabaki zuen. Itsulapikoa apurtu zuenean, ohartu zen ez zeukala armonikarik onena erosteko lain. Beraz, patinak saltzea erabaki zuen. Lortu zuen diruaz eta itsulapikoan zeukanaz dendako armonikarik onena erosi ahal izan zuen.

Eguberri iritsi zenean, elkartu ziren mutiko biak, batak besteari oparia emateko. Ireki zituztenean, ustekabe galanta hartu zuten biek. Gauza berbera egina zuten: adiskideari oparirik onena erosteko, atseginen zutena saldu.

Patinak saldu zituenak jaso zuen oparia: patin berriak.

Armonika saldu zuenak jaso zuen oparia: armonika berria.

Biak batera hasi ziren barreka, atseginen zuten gauzari uko egitean, biak irabazle atera zirelako. Baduzu gure istorioan agertzen diren bezalako adiskiderik?

·      Atsegin izango zenuke horrelako adiskideak izatea?

·      Besteengan pentsatzen dugunean, guztiok ateratzen gara onuradun. Istorioko mutiko biek adiskideari poz ematean pentsatu zuten, eta batak besteagan pentsatu zutenean biak irabazten atera ziren.

OTOITZA

Bideoa: Geri´s Game (Pixar)

https://youtu.be/uMVtpCPx8ow

 

OTOITZA: 

Lagun iezaguzu, Jesus, ikaskide onak eta adiskide hobeak izaten.

Lagun iezadazu nire eskola-lagunei ondo esaten,

guztientzat adiskide zintzoa izaten eta, horrela,

zoriontasunerako bidea aurkitzen.

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!