EGUNEKO DATUAK
astelehena, 17 de martxoa de 2025
GG/HH+LH/MartxoakII/astelehena
Egun On, lagun On! GARIZUMAn murgilduta aurkitzen gara. Martxan jartzen gara, aste hontako bideari ekiteko prest. Garizuma garaia, Bidea egiteko garaia da.
SARRERA HEZITZAILEENTZAT

Egun On, lagun On!

GARIZUMAn murgilduta aurkitzen gara. Martxan jartzen gara, aste hontako bideari ekiteko prest. Garizuma garaia, Bidea egiteko garaia da. Egarriak, nekaldiak, laguntasunak, ilusioak,… elkarbanatzeko bidea. Hementxe gaude, bidean… norabide asko dituen bidean… egunero sortzen zaizkigu aukera berriak, egunero erabaki berriak, egunero… Egunerokotasun horretan berritzen joan beharra daukagu. Egiten dugun horretan, sakontzen, arduraz gogoak eraberritzen. Gure harremanetan ere zerbait gehiago eskatuko diogu…GARIZUMA da ez ahaztu, bidean aurkitzen gara… “Pazko Bidean”…

…bidelagun ON, Aste ON izan dezazuela!

GARIZUMA: ONTZEKO GARAIA

Gertaera handi guztiak prestatu egiten dira aurretik. Partidu handi guztiek, esaterako, entrenamendu luzea behar dute.

Modu berean, fededunen festa handia, Pazkoa, ganoraz prestatu behar da.

Jainkoak, zailtasunen, gaizkiaren, heriotzaren,… gainetik, azken hitza izateak gure parte-hartzea edo laguntza eskatzen du.

Zein da Garizumaren esanahia? Jainkoaren ametsa egia bihurtzea eragingo duen bizimoduan trebatzea edo entrenatzea. Eta trebakuntza hori hiru bidetatik egiten da. Entzun adi-adi:

Lehenengo bidea: zure baitara. Baraua esaten diogu. Gure buruaren jabe izatearen bozkarioa, gure bidea libre, pozik, zoriontsu…  egiten laguntzen ez digunari uko egin diezaiokegula jakitearen ilusioa,…

Bigarren bidea: besteengana. Limosna esaten diogu. Gure ingurukoak ere libre, pozik, zoriontsu,… bizi daitezen laguntzeko modu bizia da. Baina kontua ez da besteen bizimodua errazten gauza materialez bakarrik laguntzea, batez ere geu garenaz, gure burua eta gure denbora eskainiz laguntzea baita.

Hirugarren bidea: Jainkoarengana. Otoitza esaten diogu. Jainkoaren altzotik hara errazagoa da honek gizateriarentzat duen ametsa ulertzea eta gureganatzea. Aitaren altzotik hara soilagoa da Jainkoaren bihotzak ez duela bere seme-alaben artean bereizkuntzarik egiten ulertzea… egitekotan ere, batez ere behartsuenei laguntzeko baita.

Hiru bide hauek dira Garizumako bidea egiten laguntzen digutenak, kristau-festetan handienerako, Pazkorako, prestatzen laguntzen digutenak. Bide ona egin!

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

Ukrainian bizi dutenaz gogoratu eta bertakoak sufritzen ari direnengatik otoitz egiongo dugu.

Hona hemen bideo honetan, haur baten bizitza nola aldatzen den gerratearen ondorioz. Oso esanguratsua. Adi ikusi bideoa, agian bi aldiz ikusteak merezi du.

Most Shocking Second a Day Video:

https://youtu.be/Aa3o7vWG93w

 

OTOITZA

OTOITZA

Jesus, eman iezazkidazu gaitasuna eta borondatea,

hitz mingarririk ez esateko eta maitasunezko hitzak adierazteko,

ez nahigabetzeko eta esker onez janzteko,

ez haserretzeko eta pazientziaz jokatzeko,

pesimismoa baztertzeko eta itxaropenez betetzeko,

kezkak ahazteko eta Jainkoagan konfiantza jartzeko,

ez kexatzeko eta bizitzako gauza apalez harritzeko,

presioaz ez larritzeko eta otoitz egiteko.

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!