EGUNEKO DATUAK
osteguna, 19 de ekaina de 2025
AURRERA ESKER ONEZ

Agurea bere ortuan zegoen; aitzurraz lurra zulatzen aritzen zen, gogoz eta pozez aritu ere. Auzoko bat igaro zen ondotik eta zertan zebilen galdetu zion.

 

-       Sagarrondoak sartzen –erantzun zion agureak-. Ea sendo hazten diren eta sagar onak ematen dituzten.

 

-       Sagarrondo horien sagarrak jango dituzula uste duzu ala? – galdetu zion auzokoak.

 

-       Ez, ez. Badakit ez naizela horrenbeste biziko. Baina beste batzuek jango dituzte. Lehengoan pentsatu nuen bizitza osoan jan ditudala beste batzuek sartutako zuhaitzetatik hartutako fruituak. Hauxe dut esker ona adierazteko modua. Nire bizitza luzean gauza asko hartu ditut besteengandik. Bidezkoa da nik nolabait ordaintzea, beste batzuen alde gauza berbera eginez. 

 

Pentsatzen dugu inoiz gure alde zerbait egiten duten pertsonengan? Adierazten diegu nolabait gure esker ona? Interesgarria da egunean zehar nolabait laguntzen edo zerbitzuren bat egiten diguten pertsonengan pentsatzea. Pertsona horien zerrenda luzea izango litzateke. Ez dago sobera guk noizbait gure esker ona adieraztea. Eta ez legoke txarto beste batzuei laguntzearren zer egin dezakegun pentsatzea.

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

Bideoa:

Julen Alonso - "ZIN DAGIT" bideoklipa

https://youtu.be/whebSgE2qMU

 

OTOITZA

OTOITZA: Eskerrak, Jauna, zure maitasunagatik…
Jauna,

dena hartu dugu zure maitasunetik,
dena da zure oparia,
dena da zure samurtasunaren eta ontasun amaigabearen adierazpena.

Eskerrak, bizia eman diguzulako, zeure bizia bera.

Eskerrak gure familiagatik, zeure familiagatik.

Eskerrak gure lagun eta adiskideengatik, zeure adiskidetasunagatik.

Zeuk oparitu diguzu lehenengo izarra, zeuk lehenengo atomoa,

irribarrea eta maitasuna.

Zeuk oparitu diguzu udaberriaren lehenengo laztana.
Zeuk irakatsi diguzu bidea, geure onenera daramana,

Zeugana garamatzana.                                                                                                                  
Eskerrak, jauna, zure maitasunaren atsegin amaigabeengatik.

 

Bibliatik:
 “Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu. Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan baituzu gogoko” (Lk 10,21)

 

 
OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!