EGUNEKO DATUAK
osteguna, 18 de iraila de 2025
GOIZEKO GOGOETA - 1.2.3
SARRERA HEZITZAILEENTZAT

Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

AURPEGI PERFEKTUA 

Bazen behin aurpegirik ez zuen paperezko panpina bat. Ongi ebakia zen, haren  gorputza ondo pintatua zegoen,… baina ez zuen aurpegirik. Zorionez, lapitz bat zuen eskuan. Nahi zuen aurpegia aukeratu eta marraztu zezakeen. Huraxe zortea! Horregatik, egun osoa galdezka ematen zuen.

 - Nolakoa da aurpegi perfektua?

- Moko handia duena – erantzun zioten txoriek.

- Ez! Ez! Mokorik ez! –esan zuten zuhaitzek-. Hostoz betea dago aurpegi perfektua.

- Ahaztu mokoa eta hostoak –eten zuten loreek-. Aurpegi perfektua nahi baduzu, kolorez bete beharko duzu.

Eta hala, aurkitu zituen guztiek, animaliek, mendiek, ibaiek,… aurpegia beren formez eta kolorez betetzeko esan zioten. Baina kontua da panpinak mokoa, hostoak, koloreak, ilea, harea, … eta esandako guztiak marraztu zituenean,… inori ez zitzaiola aurpegi hura gustatu. Eta hara, panpinak, gero, egindakoa ezin ezabatu!

Aurpegi perfektua izateko aukera galduan pentsatuz, negarrez ematen zituen panpinak egunak.

- Nik mundu guztiak atsegin izango zuen aurpegia nahi nuen bakarrik -esaten zuen-. Eta orain… hauxe ezbeharra!

Egun batean, laino txiki batek panpinaren negarrak entzun zituen; ondora joan zitzaion:

- Kaixo, panpina! Lagun diezazukedala uste dut. Lainoa naizenez eta itxura finkorik ez daukadanez, nahi duzun aurpegia jarri dezaket. Tira, aurpegiera aldatuko dut, zuk gustukoa duzuna lortu arte. Eta gero, ziur nago, horren arabera zurea konponduko dugu. Zer deritzozu?

Panpinari ideia bikaina iruditu zitzaion hura. Lainoak aurpegiera guztiak jarri zizkion. Baina bat ere ez zen perfektua, bat ere ez panpinaren gustukoa.

- Ez dio ardurarik –esan zuen panpinak agur esateko orduan- oso adiskide ona izan baitzara. Eta oso besarkada beroa eta estua eman zion lainoari. Honek irribarre egin zuen, irribarre zabala, panpinari nolabait lagundu ziolako pozik. Eta orduan, hain justu, esan zion panpinak:

- Horixe da! Horixe da nahi dudan aurpegia! Aurpegi perfektua da!

- Zein? – galdetu zion lainoak harrituta – Ez dut ezer egin eta…

- Bai! Bai! Besarkada eman dizudanean jarri duzun aurpegia… Edo kili-kili egiten dizudanean jartzen duzuna. Begira!

Lainoa, azkenean, ohartu zen aurpegi irribarretsuaz ari zela panpina. Hartu zuten lapitza eta irribarre handi bat marraztu zuten panpinaren aurpegian. Hamar aldiz pasatu zen irribarrea mokoaren, ileen, koloreen eta hostoen gainetik. 

Eta aurpegi hura mundu guztiari gustatu zitzaion. Denek zuten atsegin. Aurpegi perfektuen osagai sekretua zuen: irribarre handia, zabala, inoiz kentzen ez dena.

 

Minutu batean isilik irribarrearen garrantziari buruz pentsatuko dugu.

OTOITZA

Musika lasaia jartzen da ikasgelan eta isiltasuna egiten da:

https://youtu.be/hlWiI4xVXKY

Bitartean, pantailan jartzeko irudia, isilik gauden bitartean:

http://3.bp.blogspot.com/-NPu-2170pM8/VRMAZn6CMPI/AAAAAAAAdfM/_i_MzElMf1E/s1600/sonrisa.jpg

 

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!