EGUNEKO DATUAK
asteazkena, 5 de azaroa de 2025
GOIZEKO GOGOETA/DBH/Azaroak/II/asteazkena

Ezin dugu ziurtasun osoz esan elektrizitate esaten diogun fenomenoa gizakiak noiz aurkitu/deskubritu zuen, baina, ebidentzien arabera, 600 urte Kristo aurretik, Greziako filosofo bat, Thales Miletokoa (630-550 K. a.) fenomenoaz ohartu zen, anbar-zati bat larru-zati edo oihal batez igurtzi zuenean, orduan erakarpeneko eta aldarapeneko ahalmen misteriotsua igarri baitzuen. Baina Theophrastus filosofoak (374-287 K. a.) utzi zuen jasoa elektrizitateari buruzko lehenengo azterketa zientifikoa, beste substantzia batzuek ere erakarpen-ahalmen berdintsua dutela igarri baitzuen.

Benjamin Franklinek (1706-1790), 1747an eman zien hasiera elektrizitateari buruzko esperimentuei. 1752an tximistorratza asmatu zuen eta elektrizitate-mota biak, positiboa eta negatiboa, azaldu ahal izan zituen. Lehenengo industria-iraultzan, aurrerapen teknologikoak ez ziren elektrizitateaz baliatu. Lehenengo erabilera praktiko orokortua Samuel Morseren telegrafo elektrikoa izan zen (1833); telekomunikazioak goitik behera aldatu zituen. Elektrizitatearen sorkuntza masiboa XIX. mendearen azkenetan hasi zen, kale eta etxeen  argiztapen elektrikoa zabaldu zenean. Energia-mota honek eragin zituen erabilpen ugariek bigarren industria-iraultzaren indar eragile bihurtu zuten elektrizitatea.

Aldi honetan asmatzaile handiak nabarmendu ziren: Gramme, Westinghouse, von Siemens, Alexander Graham Bell… Nabarmenenak Nikola Tesla eta Thomas Alva Edison (goritasun-lanpara, fonografoa) dira. Ikerkuntzaren eta merkatu kapitalistaren arteko lotura modu iraultzailean ulertzen zuten eta horrek berrikuntza teknologikoa jarduera industrial bilakatu zuen.

Elektrifikazioa ez zen prozesu teknikoa bakarrik izan, inplikazio aparteko aldaketa soziala ere izan baitzen. Bestela, esan diezagutela guri, XXI. mendeko izakioi.

Guk “jakingura” izatera animatzen zaituztegu, asmatzaile eta aurkitzaile berriak izatera eta, batez ere, gure bizitza errazagoa eta atseginagoa izatea eragiten duten gauza horiengatik eskerrak ematen jakitera.

Eta guk… zer egin dezakegu gure hurbileko bizitza guztiontzat erraza eta atsegina izan dadin?

OTOITZA

 

Izaro “Invierno a la vista” -  VIDEO:

https://youtu.be/hyIq3EzMtIs?si=POxV1TbEapjN82ta

 

 

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!