EGUNEKO DATUAK
osteguna, 11 de abendua de 2025
GOIZEKO GOGOETAK/LH3-4-5-6/Abenduak/Osteguna02

TXALUPA

Oso aspaldi dela gizon bat kontratatu zuten portu batean txalupa bat margotzeko. Pintura eta brotxak nasara eraman ondoren, txalupa margotzen hasi zen; gorri margotu behar zuen, gorri distiratsu,  jabearekin batera erabaki bezala.

Hala ari zela, ohartu zen pintura txaluparen hondotik kanpora pasatzen ari zela eta behe guztia pinturaz bustita eta zikinduta zegoela. Txaluparen azpia aztertu zuenean, zuloa ikusi zion kroskoan, eta konpontzea erabaki zuen.

Bere lana bukatu zuenean, dirua hartuta, joan zen handik. Harrituta geratu zen, biharamunean txaluparen jabea bila joan zitzaionean eta txeke berri bat onartzeko eskatu zionean.

- Baina ordaindu zenidan txalupa margotzeagatik erabakitakoa – esan zion harrituta langileak.

- Ene laguna, ez duzu ulertzen –erantzun zion patroiak-. Txalupa margozeko eskatu nizunean, kroskoan zuen zuloa aipatzea ahaztu zitzaidan. Nire semeei ere ez nien esan. Jakina, txalupa margotua (eta pintura sikatua) ikusi ondoren, arrantzura atera ziren. Ni ez nengoen. Itzuli nintzenean, txalupaz irtenak zirela ohartu nintzen; ezin duzu imajinatu nire nahigabea. Behin itsasoratu ondoren, batela hondoratuko zela eta nire semeak itoko zirela pentsatu nuen. Etxera onik etortzen ikusi ditudanean, txalupa aztertu dut eta ohartu naiz, nik eskatu eta ordaindu ez arren, zuk denbora gehiago eskaini eta zuloa konpondu diozula. Zure ekintza on horrek maiteen ditudan pertsonen bizia salbatu du! Ez da munduan dirurik zure bihotz-zabaltasuna ordain dezakeenik!

 

Etxean, eskolan, gurasoekin, lagunekin… justu-justukoa baino ez dugu egiten? Egiten dugu inoiz “egokitzen” zaiguna baino gehiago? Nola izan gaitezke eskuzabalago eta bihotz-zabalago besteekin?