EGUNEKO DATUAK
asteazkena, 17 de abendua de 2025
EGUBERRI ON - Gabon Zoriontsuak, lagunok!
SARRERA HEZITZAILEENTZAT

Urteko azken gogoetak dituzu aste hontakoak, jaso itzazu gure desiorik hoberenak.
EGU(n) BERRI Zoriontsuak igaro ditzazuela, atseden hartu, bizi familian, pilak kargatu eta... Urte berri On!
Zaindu elkar, sortu ametsak eta laster izango gara elkarrekin. Besarkada handi handi bat, lagunok!

 

Eta zu, zeren zain zaude? Gizakiok beti espero dugu dena hobeto joatea, eta gogoz nahi izaten dugu hori. Pertsona askok eta askok bat egiten dugu desira edo gurari honetan, adibidez: bakean bizitzea. Orain dela bi mila urteko juduak zain zeuden Jainkoak Mesias bat, bake-garai berri bat ekarriko zuen pertsona berezi bat, noiz bidaliko.
Kristauek badakite Jesus dela Jainkoak bidalitako Mesias hori. Horrexegatik, haren jaiotza ospatzen dutenean, Gabonetan, bakea eta zoriona opa dizkiote elkarri.

 

Jesusen jaiotza, Berri Ona, Lukasen elkarteak kontatuta...

 

Garai hartan, mundu guztiko errolda egiteko agindu zuen Augusto enperadoreak. Lehen erroldatze hau Siriako gobernari Kirino zela egin zen. Beraz, erroldatzera joan ziren denak, nor bere herrira. Josef ere, Daviden familia eta jatorrikoa baitzen, Galileako Nazaret herritik Judeako Betleem zeritzan Daviden herrira igo zen bere emazte Mariarekin erroldatzera. Maria haurdun zegoen. Betleemen zeudela, haurra izateko egunak bete zitzaizkion, eta lehen semea izan zuen; oihaletan bildu eta abere-aska batean ezarri zuten, ez baitzen ostatuan haientzat lekurik.

Baziren inguru hartan artzain batzuk, gauez kanpoan artaldea txandaka zaintzen. Jaunaren aingerua agertu zitzaien eta Jaunaren aintzak argiz inguratu zituen. Haiek beldur-ikaraz gelditu ziren, eta aingeruak esan zien:

—Ez beldurtu! Hara, berri on pozgarria dakarkizuet, bai zuentzat, bai herri osoarentzat ere; Salbatzailea, hau da, Mesias Jauna, jaio zaizue gaur Daviden herrian. Eta hona seinalea: jaioberri bat aurkituko duzue oihaletan bildua eta askan etzana. Bat-batean, zeruko aingeru-talde handi bat azaldu zen aingeruaren inguruan, Jainkoa goretsiz:

—Aintza zeru gorenean Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon-emakumeei!

Aingeruek zerura alde egin zutenean, artzainek ziotsaten elkarri:

—Goazen Betleemera, Jaunak erakutsi digun gertakari hori ikustera.

Joan ziren lasterka eta han aurkitu zituzten Maria, Josef eta jaioberria askan etzana. Ikusi zutenean, haurtxo hartaz esan zitzaiena kontatu zuten. Artzainek esandakoa entzun zuten guztiak harriturik gelditu ziren. Mariak, berriz, gertakari guztiok gogoan hartzen zituen, bere barruan hausnartuz. Artzainak, entzun eta ikusi zutenarengatik Jainkoari aintzaka eta goraka itzuli ziren, dena aingeruak esan bezala gertatu baitzitzaien.

 

(Lk 2, 1-20)

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

Aste honetan, Gabonetako Loteriaren zozketa izango da...

Zer mezu atera dezakegu duela urte batzutako iragarki honetatik?

 

https://youtu.be/Q1mlWgX1TjA

 

Entzun ondoren, Donostiako Orfeoiak egiten digun oparia:

 

https://www.youtube.com/watch?v=nCwkq8H5YHk 

 

OTOITZA

Bitoriano Gandiagaren otoitza:

 

Haurtxo baten esperoan

 familia gaztea,

 aterpe baten eskean

 non erditu semea;

 arrenka datoz ostatuz:

 zabaltzeko atea!

 Inortxok ez du aditzen,

 alferrik da galdea!

 

 Ai, zer den haien larria,

 antsia eta pena!

 Aiene, nahi ta ezina!

 Ai, pobreen hasperena!

 Direnen ardura-eza

 da sentitzen dutena;

 latza da bideko haizez

 bi gazteen dolamena!

 

 Nahigabezko itsasoan,

 elkar poztuz ahalean,

 herriz kanpo abiatu

 dira Gabon gauean;

 koba bat aurkitu dute

 eremu bazterrean,

 han kokatu ere dira

 ganaduen artean.

 

 Oi, Jose! -dio Mariak-,

 oi, Mari! -dio Josek-.

 Jadanik gazte parea

 ez du estutzen deusek:

 non pausatu badute ta

 bai non erditu hantxet,

 Maria ongi ta Jose

 betegin eta kontent.

 

 Handia da Gabon gabaz

 Belengo sosegua,

 han argitu da errainuz

 izarren sorburua;

 magalean besoetan,

 hantxe dute zerua,

 oi, Maria ta Joseren

 lehia ta entregua!

 

 

 

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!