EGUNEKO DATUAK
asteazkena, 13 de maiatza de 2026
IRABAZI ALA GALDU

Pellok gorroto zuen galtzea, edozertan galtzea. Gurasoek, irakasleek eta beste askok galtzen ez zekiela esaten zuten, baina kontua da ezin zuela galtzea jasan, ezta kaniketan galtzea ere. 

Hain gauza pozgarria zen irabaztea, hain ondo eta harro sentitzen zen irabazten zuenean, ezen sentsazio bikain hura ez baitzuen inola galdu nahi. Gainera, galtzen zuenean, justu aurkakoa gertatzen zitzaion: triste, goibel eta gaizki sentitzen zen. Galtzea inori gerta dakiokeen gauzarik txarrena iruditzen zitzaion. Horregatik, ondo zihoazkion gauzetan bakarrik jokatzen zuen, trebea edo fenomenoa zen jokoetan bakarrik parte hartzen zuen. Eta ona edo trebea zen gauza edo jokoetan - futbolinean, esaterako- ez zen inoiz nekatzen. 

Beti ari zen jokatzen. Baina mutiko berri bat hasi zen ikastetxera: Alberto. Oso trebea zen futbolinean. Eta egun batean, jakina, Pellok eta Albertok batak bestearen aurka jokatzea erabaki zuten. Pello, serio eta kontzentratuta, prest zegoen jokatu eta irabazteko. Alberto, ostera, irribarretsu agertzen zen, txisteak egiten zituen. Ematen zuen ez zuela jokoa serio hartzen. Baina fenomenoa zen. Etengabe sartzen zituen golak, behin eta berriz, denbora guztian barre egin arren. Eta barreka, ez zen ohartu Pellok tranpak egin zizkiola markagailuan. Hala, Pellok irabazi zuen. Harro-harro ibili zen gero, baina Albertori ez zitzaion axola. “Oso ondo pasatu dut. Beste egun batean ere jokatu behar dugu”, esan zion Pellori. 

Egun hartan Pelloren garaipena izan zen mintzagai nagusi ikastetxean. Baina gauean, oherako orduan, Pello ez zegoen pozik. Irabazi arren, ez zuen lehengo sentsazio gozo eta atsegina sumatzen. Gainera, Alberto, galdu arren, ez zen gaizki sentitzen. Ematen zuen mutil hari berdin ziola irabazi nahiz galdu… Eta biharamunean Alberto saskibaloian jokatzen ikusi zuen. Oso txarra zen, pena emateko modukoa. Behin eta berriz galtzen zuen, baina, hala ere, etengabe egiten zuen irribarre, beti zegoen pozik. 

Hainbat egunean egon zen Pello Albertori begira. Alberto mutiko alaia zen, gauza batzuetan oso ona eta trebea zen, beste batzuetan, ordea, oso txarra, barregarria (edo penagarria)… baina denetan primeran pasatzen zuen. Eta orduan hasi zen Pello ulertzen jokoez gozatzeko ez zela markagailurik beharrezko; orduan ohartu zen ez zela beti irabazi behar. Konturatu zen gogoz jolastea, egin beharrekoa ahalik eta ondoen egiten saiatzea eta ondo pasatzeko prest egotea zela garrantzitsuena. Eta ausartu zen, azkenean, ezkutaketan jolasten, futbolin-partidetan txisteak egiten eta, beste barik, emaitzaz arduratu gabe, … ondo pasatzen. Eta, hara non, guraso, irakasle eta nagusiek zera esaten zuten: “Gozamena da Pello ikustea: mutiko horrek bai dakiela galtzen”. 

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

 

BALIABIDE DIGITALA: Bideoa:

https://www.youtube.com/watch?v=PrSoHx8-IhE 

 

OTOITZA

OTOITZA:

Jainko maitea:

Jesusi berpizten lagundu zenion,

aldatzen, hobetzen.

Lagundu niri ere

hobetzen, “berpizten”.

Akatsak egiten ditudanean edo

besteek nola lagundu ez dakitenean

ez uzkurtzen lagundu.

Eskerrik asko, Aita,

nire ondoan egoteagatik

eta hobetzeko gai naizela

pentsatzeagatik.

 

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!