EGUNEKO DATUAK
ostirala, 22 de maiatza de 2026
GOIZEKO GOGOETAK/BATX1-BATX2/maiatza25/IV/osteguna
HAZIAK

Baziren behin lau hazi, adiskide zirenak eta haizeak oihaneko soilgune batera eraman zituenak. Han, lurrean ezkutatuta geratu ziren, hazi, garatu eta zuhaitz eder bilakatzeko unearen zain.

Baina lehenengo hazia erne zenean, ohartu ziren hura ez zela gauza erraza izango. Soilgune hartan, hain zuzen ere, tximino-talde bat bizi zen eta txikienen dibertsioa hazten ari ziren landareei bananak jaurtitzea zen. Hala dibertitu egiten ziren eta, gainera, bananak jaurtitzen ikasi eta soilgunea garbi, soil eta landarerik gabe mantentzen zuten.

Lehenengo landare hark hain banana-kolpe handia jaso zuen, ezen ia erdibitua geratu baitzen. Eta lagunei bere zoritxarraren berri eman zienean, denak etorri ziren bat erabakian: tximinoak bizilekuz aldatu arte, onena hazi gabe itxarotea zen.

Denak egon ziren ados, bat izan ezik. Honek saiatu, behintzat, egin behar zuela pentsatu zuen. Eta saiatu zenean, banana-kolpe bat jaso zuen, erditik tolestuta utzi zuena. Beste haziek, aho batez, saiatzeari uzteko eskatu zioten, baina hazi txikia tematia zen eta zuhaitz bilakatu nahi zuen. Behin eta berriz saiatu zen hazten. Eta landaretxo txikiari esker, tximino txikiek euren punteria hobetzen zuten. Gure landarea, behin eta berriz, makur-makur geratzen zen. 

Baina hazitxoak ez zuen amore eman. Banana-kolpe bakoitzaz beroago saiatzen zen, bere lagunek ahalegintzeari uzteko eta arriskua desagertu arte itxaroteko erregutzen zioten arren. Horrela, egunetan, asteetan eta hiletan, gure landaretxoak tximinoen erasoa jasan zuen, eta hauek beti makurrarazten zuten. Egun batzuetan, egia esan, lortzen zuen banana-kolpeak saihestea, baina biharamunean tximinoren batek bete-betean jotzen zuen eta berriz dena hasten zen.

Baina egun batean ez zen makurtu. Banana-kolpe bat jaso zuen, eta gero beste bat, ondoren beste bat, baina batekin ere ez zen makurtu landare gaztea. Kontua da hainbeste kolpe hartuta, hainbeste aldiz makurtuta, gogorgunez eta orbainez betea zegoela eta horiek gainerako landareak baino sendoago haztea eragiten ziotela. Hala, landarearen zurtoin mehea lodituz eta sendotuz joan zen, bananaren kolpea arazo barik jasateko bestean. Eta ordurako hain zen sendoa, ezen tximino txikiek ezin izan baitzuten landaretxoa lurretik atera ere. Eta hantxe geratu, hazi eta garatu zen; gora eta gora egin zuen…

 

Bere enborraren aparteko sendotasunari esker, zailtasun guztiak gainditu ahal izan zituen eta oihaneko zuhaitzik handiena eta ederrena bilakatu zen. Bitartean, bere aspaldiko lagunek lurrean ezkutatuta jarraitzen zuten. Beti bezala, tximino ikaragarri haiek lekuz aldatzea itxaroten zuten, tximinoek banana-kolpeen bitartez landareen zutoinak/enborrak sendotu eta, hala, eurak gero jasan beharko zituzten arazoetarako prestatzen zituztela ohartu gabe.

OTOITZA

“Ez dago zuhaitz onik fruitu txarra ematen duenik, ezta zuhaitz txarrik ere fruita ona ematen duenik. Bere fruituetatik antzematen zaio zuhaitzari” [Lukas 6: 43]

«Jainkoaren erregetza gizonak lurrean hazia ereitean gertatu ohi denaren antzeko da: 27 hura lo nahiz iratzarririk egon, gau eta egun, hazia erne eta hazi egiten da, hark nola ez dakiela.
28 Lurrak berez ematen du: lehenbizi landarea, ondoren galburua, azkenik alea galburua betean. 29 Eta garia heltzean, igitaiaz ekiten zaio, uztaroa da eta» (Mk 4,26-29)

«Zeren antzeko dela esango genuke Jainkoaren erregetza? Zein parabolaren bidez adieraz genezake? 31 Mostaza-haziaren antzekoa da: lurrean ereitean, hazi guztietan txikiena da;
32 erein eta gero, ordea, gora egiten du eta beste barazki guztiak baino handiagoa egiten; eta txoriek habia egiten dute haren itzalpean, hainbestekoak baitira ematen dituen adarrak». (Mk 4,30-32)

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!