EGUNEKO DATUAK
asteartea, 17 de azaroa de 2026
GOIZEKO GOGOETAK/LH3-4-5-6/Azaroak/AstearteaV
SARRERA HEZITZAILEENTZAT

Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

 

Adinekoa eta mutikoa


Adineko bat eta mutiko bat, beren astotxoarekin, Indiako bideetatik zihoazen. Hainbat orduan gelditu gabe ibili ondoren, herri txiki batera iritsi ziren. Plazatik igaro zirenean, bertan eserita zeuden bi mutil gazte barreka eta oihuka hasi ziren:

– Ja, ja, ja! Nolatan izan daitezke hain leloak adinekoa eta mutikoa? Urrutitik datoz astoarekin, baina asto gainean etorri ordez, oinez datoz! Ja, ja, ja!

– Aizu, mutiko! Ez zara aitonaz errukitzen? Adinekoa da eta nekatu egiten da. Utziozu asto gainera igotzen.

Mutikoak adinekoari begiratu eta eskuaz astotxoaren gainera igotzeko keinua egin zion. Aurrera joan eta geroago beste herrixka batera iritsi ziren. Denak zebiltzan euren zereginetan; zirudienez, inor ez zen hirukoteaz ohartu… baina besoetan umetxo bat zeraman emakume batek agiraka egin zien:

– Hara zer ikusten duten nire begiek! Ez zara lotsatzen, gizona? Zu asto gainean lasai eta ume gaixoa oinez?

Gizona, lotsatuta, berehala jaitsi zen asto gainetik. Bilobari gerritik heldu eta asto gainera igotzen lagundu zion. Ordurako dozena bat lagun zeuden inguruan, eurei begira.

Aurrera jarraitu zuten. Astiro zihoazen, adinekoa herrenka baitzebilen; gainera, hezurrek karraska egiten zioten. Harrizko zubi batetik igaro ziren. Bizkarrean labore-zakuak zeramatzaten pertsona batzuekin egin zuten topo. Ondotik igaro zirenean, hauek txutxu-mutxuka hasi ziren. Gizon batek errieta egin zien:

– Inoiz ez dut halakorik ikusi! Mutikoa asto gainean eserita eta adinekoa astoari tiraka. Hara, mutiko, begirune handiagoz tratatu beharko zenuke adineko jendea! Esker txarrekoak zarete gazteok!

Adinekoak eta mutikoak, lotsaz gorrituta, burua makurtu zuten. Orduan, onena biak asto gainean joatea izango zela erabaki zuten. Hala, jendearen esamesak eta maltzurkeriak bukatuko ziren. Baina denbora gutxi barru patata-soro batetik igaro ziren eta patatak biltzen ari ziren nekazarietako batek haserre bizian begiratu zien:

– Ezin dut sinetsi! Begiratu bi horiei! Astoa tragatu behar dute! Ezin zaio animalia bati halako traturik eman!

Aitonak eta bilobak ez zekiten jada zer egin. Hainbeste burla eta hainbeste trufa entzun behar! Azkenik, astoa bizkarrean eramatea erabaki zuten. Imajinatu: adinekoa, mutiko koskorra… eta asto handi eta astuna bien bizkarrean. Ahalegin handiz, izerdi patsetan, arnasestuka, hurrengo herrira iritsi ziren. Jan eta edan, besterik ez zuten nahi. Akituta zeuden!

Baina, berriz ere, tabernaren aurretik igaro zirenean, algarak entzun zituzten. Horien gainetik ahots batek zera esan zuen:

– ¡Ja, ja, ja! Lelo galantak dira bi hauek! Asto gainean joan ordez, astoa daramate gainean. Zorionekoa da asto hori!

Zalapartak astoa ikaratu zuen. Arineketan hasi zen eta ziztu bizian alde egin zuen. Aitona-bilobak lurrean eseri ziren, erabat nahigabetuta.

Ohartu ziren oker handia izan zela denei jaramon egin nahi izatea, denekin ondo geratu nahi izatea. Bide gabe epaitu zituzten eta, gainera, astoak ihes egin zien.

 
GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

GOGOETARAKO

Nola tratatzen dituzu besteak? Zu tratatzea nahiko zenukeen moduan? Bada ondo tratatzen ez duzunik? Zergatik?

Hartu nahi duzu besteak ondo tratatzen saiatzeko konpromisoa? Zer egin dezakezu horretarako?

OTOITZA

BALIABIDE DIGITALA - BIDEOA:

 

CGI **Award-Winning** 3D Animated Short : "Soar" - by Alyce Tzue | TheCGBros:

https://youtu.be/UUlaseGrkLc


 

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!