EGUNEKO DATUAK
astelehena, 21 de urria de 2024
GOIZEKO GOGOETAK/BATX2/urriak/IV/astelehena
Jende ezezagun hau da mundua bizigarriago eta bizitza gizatiarrago egiten duena

HANDIAK DIRA, BEREK EZ JAKIN ARREN

Beraien izena ez da ageri ohi egunkarietan inoiz ere. Inork ez die aurretik pasatzen uzten inon ere. Ez dute, ez titulu, ez kontu korronte inbidiagarririk, baina handiak dira. Ez dute aberastasun handirik, baina badute diruz ezin erosi den zerbait: onberatasuna, harrera-gaitasuna, txera eta errukia premian denarentzat.

Pilo bateko gizon-emakumeak dira, inork ere baliorik doi-doi ematen dion oinezko jendea, baina bizitza beren ingurumenean maitasuna eta txera jarriz bizi dutenak. Jende xumea eta onbera, eskua luzatuz eta on eginez bakarrik bizitzen dakitenak.

Harrokeria zer den ez dakien jendea, asmo handi-mandirik ez duena. Gizon-emakumeak, une egokian aurkitzen dituzunak, aupada-hitz bat, begiratu bihozkoi bat, esku hurbil bat behar duzunean.

Ama nekaezinak dira, etxea bero eta pozgarri egiten dutenak. Preziorik ez duten emakumeak, bai baitakite ematen beren seme-alabei beharrezkoen dutena geroari konfiantza osoaz aurre egiteko.

Aita xume eta onak dira, seme-alaba txikiei entzuteko, berauen ehunkada galderei erantzuteko, berauen jokoetan gozatzeko eta berauen ondoan bizitzako alderik onena birtopatzeko astirik hartzen dutenak.

Senar-emazteak dira, beren maitasuna egunez egun heldutasunera eramaten dakitenak, amore ematen ikasiz, bestearen zoriona eskuzabal zainduz, batak besteari barkatuz eguneroko ehunkada sesio koskorretan.

Jende ezezagun hau da mundua bizigarriago eta bizitza gizatiarrago egiten duena. Hauek dute airea garbi eta arnasgarri bihurtzen gure gizartean. Hauez esan du Jesusek handiak direla, gainerakoen zerbitzura bizi direlako.

Jendea: berek ez dakite, baina berauen bizitzari esker zabaltzen da gure kaleetan eta etxeetan energiarik antigoalekoena

 

...

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

 

https://www.gruposdejesus.com/urteko-29-igandea-b-markos-1035-45-3/

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

Irakurri berri duzu Jende ezezagun hau da mundua bizigarriago eta bizitza gizatiarrago egiten duena

 

Ados al zaude?