EGUNEKO DATUAK
astelehena, 16 de otsaila de 2026
GOIZEKO GOGOETAK/DBH4/martxoa/I/osteguna
INAUTERIAK: oinarrizko ideiak

Gaurko egunak izen berezia du: "ostegun gizena". Inauteriei hasiera ematen dion eguna da, aldez aurretik zenbait iragarpen izan baditu ere: "kaldereroak", "artzaiak eta inudeak" ... Hara wikipediak zer dioean jai hauei buruz.

Ihauteria, aratustea (Bizk.), ihautea (Ipar. eta Naf.), inautea (GNaf.) edo inauteria (Gip.) bereziki Europan eta Amerikako hiri eta herrietan neguaren bukaera aldera jendeak mozorroturik ospatzen duen jaia da, desfileak eginez edota besterik gabe jai-giroan murgilduz, kantuz, dantzan eta zarata eginez. Inauterien ezaugarri berezia da, beste jaien aldean, umore, parodia eta satira giroa, gizarte ordena urratu eta alderantzikatzen duena. Jai hauetako giro alai eta bizia islatzearren, inauterietako adituek "denbora kartsu bizia" eta "jaien jaia" erabili izan dituzte euren definizioetan.Historikoki, kristautasunaren tradiziotik abiatzen diren jaiak dira, baraua eta beste zenbait gabetze dakartzan Garizumaren aurretik ospatzen baitira, baina antzinako paganismoan daude sustraiturik, negua amaitu eta udaberria hasteari loturik.

Jaiaren izenak eta etimologia
Inauteriak ospatzen diren herrialdeetako hizkuntza gehienetan izendatzeko gehien erabiltzen den terminoa carnaval/carneval/carnival da,[oh 2] kristautasunaren inauterien ondorengo Garizuman haragia jateko debeku erlijiosoarekin loturik. Batzuen arabera, antzinako erromatarrek Isis jainkosaren omenez egiten zuten carrus navalis izeneko desfiletik dator, erromatar jatorriaren hipotesia indartuz horrela[2][3][4]. Egun, ordea, carne levamen edo carnisprivium Erdi Aroko latinezko adierazpenen jatorria hobesten da, Garizuman haragia jateko debekuari erreferentzia egin eta kristau jatorriaren hipotesia baieztatzen dituena[5].

Euskal Herrian, berriz, inauteriak, inauteak eta aratusteak (azken hau, haragia jaten uztearekin loturik) deitzen zaie jai horiei. Bestelako izen bereziak erabili izan dira, hala nola Lapurdin eta Nafarroan zanpantzarrak (jaietako pertsonaiari erreferentzia eginez) eta Gipuzkoan asteartinak (inauterietako astearteari erreferentzia eginez). Espainian, carnestolendas eta antruejo terminoak ere erabili izan dira, bereziki inauteri tradizional zenbait izendatzeko.

Inauterien jatorria

Paganismoan eta antzinako mundu-ikuskeran sustraiturik badaude ere, bereziki zeltiar kulturako elementuekin loturik, geroagoko beste kultura, erlijio eta ohiturekin izandako elkarreraginaren emaitza dira inauteriak, eta bereziki kristautasunaren baitan kokatu behar dira, Garizumarekin loturik[6]. Erdi Aroko alderantziketa-jaiek ere bere eragina izan dute toki batzuetako inauterien erritu zenbaitetan. Azkenik, kultura burges hiritarren exhibizionismoa ere hirietako inauteriak moldatzeko osagai garrantzitsua izan da.

Inauteriak Saturnalia eta Lupercalia erromatar jaiekin ere lotu dira. Saturnalia jaietan normalean baimendu gabeko jokabideak onartzen diren eta hiritarrek klase sozialak ahaztu eta oturuntzak ospatzen zituzten elkarrekin. Jai horietan printzea ere izendatzen zen, egungo inauteri askotan dauden errege eta erreginen antzera. Printze honen zeregin nagusia jaiak ospatzen zituztenei zentzugabeko aginduak ematea zen. Lupercalia jaiak otsailean ospatzen ziren eta ugalkortasunarekin zeuden loturik.