EGUNEKO DATUAK
asteazkena, 25 de martxoa de 2026
GG/DBH/MartxoakIV/asteazkena

Egun on:  Euskaltzaindiaren hiztegiak honela definitzen du lagundu aditza:

1.    du/dio ad. Norbaitekin batera norabait joan; norbaiten aldean hari laguntza emanez egon.

2.    du/dio ad. Norbaitekin zerbaitetan aritu, jardunaren zati edo pisu nagusia bestearen gain dagoelarik, laguntza eman.

3.    du/dio ad. Norbaiten beharrak edo premiak betetzeko zerbait egin.

Baina guztiok dakigu laguntzeak hori baino esanahi zabalagoa duela, hori guztia baino askoz gehiago esan nahi duela. Norbaiten alde zerbait doan egitea da. Besteari hurbiltzea eta behar duen edozertarako zu hortxe zaudela jakinaraztea da.

Gauza bitxia: batzuek aurkakoa uste izan arren, errazagoa egiten zaigu laguntzea, laguntza eskatzea baino. Batzuetan bizitzako gorabeherek estutu egiten gaituzte… eta gu inori laguntza eskatzeko gauza ez gara izaten. Hori edozein eremutan gertatzen da: borroka batean, lanean, ikasketa-gaietan,… Gertatzen da batzuetan, gainera, laguntza eskaintzen didatela eta nik errefusatu egiten dudala, “neuk ahal dudalako”. Uste dugu gure burua aski dugula, derrigorrez autonomoak izan behar dugula eta beste batzuei laguntza eskatzeak makaldu, ahuldu eta nolabait ezgaitzen gaituela,… baina hori ez da egia, inola.

Ez gara irlak. Mendia ez dago mendiaren beharrean, baina pertsonok pertsonon beharrean gaude. Elkar behar dugu. Inor ez da inor baino txarragoa edo gutxiago laguntza behar duelako. Gure mugak ez onartzeak eta gure arazoei besteen laguntzaz konponbidea ez bilatzeak ateak ixten eta beste batzuek eskain diezazkiguketen aberastasunak ukatzen dizkigute. Gainera, horrelakoetan, besteei nire konfiantza (astelehenean aztertu genuena) kentzen ari natzaie.

Nire ustez, denok saiatu beharko genuke apalagoak izaten eta aspaldi dela (irakasleek gogoan izango dute) telebista-saio batean maiz errepikatzen zuten esaldia – sólo no puedes, con amigos sí - bakarrik ezin duzu, lagunekin bai- gogoratzen.

Eta, jakina, hau guztia errazteko, ahalegindu behar dugu adi eta erne egoten, gure beharrean nor dagoen ikusteko eta horri laguntzeko. Ez da beharrezkoa inork laguntza eskatzea, nik laguntza eskaintzeko. Eta eskatzen badidate, laster emango dut, eta eskaintzen badidate, gauza baliotsua balitz bezala (baliotsua baita) onartuko dut.  Hobeto ibiliko ginateke denok, elkarri laguntzeko prest egongo bagina. Mundua ere hobeto ibiliko litzateke.

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

FLOAT: FULL SPARK SHORT:

https://youtu.be/920PLE0QiqU

 

 

 

 

 

OTOITZA

Otoitza:

Laguntza eskatzen dizugu, Aita Ona,

bide onetik joateko,

gure beharrean daudenak ikusteko,

gaizki pasatzen ari direnean ohartzeko,

laguntza behar dutenean laguntza eskaintzeko.

Eskatzen dizugu, gainera, Aita,
jakin dezagula besteei laguntza eskatzen
eta eskaintzen digutenean, onartzen.

Amen.

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!