Gonbida gaitzazu gure gaitasunak aprobetxatuz zurekin bidean aurrera egitera
Egun on,
Garizuma-aldiak beti gogoetarako gonbidapena egiten digu. Gogoetak hobetzera, zintzoagoak izatera eta Jainkoak gurekiko duen proiektuarekin sakonago konprometitzera bultzatu behar gaitu. Honek eskatzen du barnekotasun-denbora, gure burua hobeto ezagutzen lagunduko digun denbora; eskatzen ditu otoitzaldiak eta gure buruarekin eta Jesusekin, Pazkora bidean, elkartzeko uneak .
Baina ezin gara behatzean gelditu. Esperientzia honek argi distiratsuagoa ematera bultzatu behar gaitu, bizitzan lagun ditugunei argi egitera. Ezin ditugu gure indarrak geuretzat gorde. Jesusek talentuen parabolan argi azaldu zigun:
Mateo (25, 14-30)
«Jainkoaren erregetzarekin, atzerrira irten behar zuen gizonarekin bezala gertatzen da. Bere morroiei dei egin eta ondasunak utzi zizkien: bati bost talentu, beste bati bi eta besteari bat, bakoitzari bere trebetasunaren arabera. Gero, alde egin zuen. Bost talentu hartu zituenak, inbertitu egin zituen berehala eta beste bost irabazi. Orobat bi talentu hartu zituenak: inbertitu eta beste bi irabazi zituen. Bat bakarra hartu zuenak, aldiz, lurrean zuloa egin eta bertan gorde zuen nagusiaren dirua. Handik denbora askora, etorri zen nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi zitzaien. Aurreratu zen bost talentu hartu zituena eta beste bost aurkeztu zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; hona beste bost nik irabaziak”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”. Aurreratu zen, gero, bi talentuduna eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; hona beste bi nik irabaziak”. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”. Aurreratu zen talentu bakarra hartu zuena eta esan zion: “Banekien gizon zorrotza zarena, erein ez duzun tokian hartzen eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna; beldur nintzen, eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen. Hona zeure dirua!”. Nagusiak erantzun zion: “Ai morroi gaizto eta alferra! Bazenekien erein ez dudan tokian hartzen dudana eta zabaldu ez dudan tokian biltzen. Beraz, bankuan jarri behar zenuen nire dirua, itzultzean bere korrituekin jaso nezan. Ken iezaiozue, bada, talentua eta eman hamar dituenari. Izan ere, fruitua dakarrenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio. Eta ezertarako gauza ez den morroi hau jaurtiki kanpora, ilunbetara. Negarra eta hortz-karraska izango da han”.
Batzuetan “honek talentua du”, “talentua sobera du”, “talentu handikoa da”,… esaten dugu.
Zer esan nahi dugu? Zer egiteko gai zara? Zertan zara oso trebea? Zeintzuk dira zure trebetasunak edo gaitasunak? Ohartu zara inoiz ezinezkoa zirudien zerbait egiteko gauza izan zarela?
Garatu zure TALENTUAK… Jarri itzazu besteen zerbitzuan! Hona hemen gurerik onena ematen lagun diezaguketen zenbait ideia.
§ Denok ditugu pentsatu baino talentu edo dohain gehiago. Jainkoak oparitu dizkigu.
§ Talentuak eurak baino garrantzitsuagoa da talentuok erabiltzea. Ez gorde.
§ Horiez besteei lagun diezaiekegu, besteak zoriontsu egin ditzakegu.
§ Lanaren edo ahaleginaren beldur garelako, ezin ditugu proiektuak bertan behera utzi. Lanik eta ahaleginik gabe ez da ezer lortzen.
§ Erosotasunak edo nagikeriak eragiten dizute? Zer proiektu hartu beharko zenuke berriz?
§ Jesusek esan nahi digu bizitzaren azkenean gure burua aztertu, bizialdian eman dugun maitasunaren balantzea egin eta gure trebetasunak garatu ditugun ardura neurtuko dugula.
§ Izan esker oneko daukazunarekiko; bada zuk baino muga handiagoak dituen jendea.
§ Ez zure trebetasunak inoiz gorde; ez konformatu ahalik eta gutxien eginez.
§ Taldeko bateratze-lana: zuen gaitasunak/trebetasunak, egiten dakizuena, nori lagun diezaiokezuen,… azaldu.