EGUNEKO DATUAK
asteazkena, 2 de urria de 2024
REFLEXIONES ALTERNATIVAS PARA ESTE DÍA:
GG/LH4-5-6/Urriak/I/asteazkena
GOIZEKO GOGOETA/ LH4-5-6/urriak/I/asteazkena
SARRERA HEZITZAILEENTZAT

Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

ESKER ONEKO IZAN (horretarako arrazoi asko baitago)

 

Bazen behin olagarro lotsati eta isil bat. Beti ibiltzen zen bakarrik. Lagunak egin nahi zituen, baina lotsak ez zion uzten besteekin harremanetan jartzen. Egun batean, ostra labain bat harrapatu nahian zebilela, korapilo galanta egin zuen bere garroez. Ohartu zenerako, ezin zuen zirkinik egin. Saiatu zen korapiloa askatzen, baina ezinezko kontua zen. Azkenean, ondotik igarotzen zitzaizkion arrainei laguntzeko eskatu behar izan zien, inork korapiloa eginda ikusteak lotsa gorria eragiten zion arren. Asko igaro ziren eta ez zioten jaramonik egin, baina arrain adeitsu eta sinpatiko batek garroek eta bentosek egindako nahaste hura askatzen lagunduko ziola esan zion. Lasaialdi galanta hartu zuen olagarroak korapiloa askatutakoan, baina hain lotsatia zenez, ez zen arraintxoarekin hizketan luzatu. Eskerrak eman zizkion eta azkar alde egin zuen. Gero, gau osoa arraintxo jatorraren lagun egiteko aukera galduan pentsatzen eman zuen.

 

Handik bi egunetara, olagarroak, haitz batzuetan atseden hartzen zegoela, arrain guztiak presaka igerian ikusi zituen. Harago begiratu eta arrain handi bat ikusi zuen, han inguruan jaten. Arineketan bera ere babeslekua bilatzen hasi zen…, baina ohartu zen arraintzar hura bi egun lehenago korapiloa askatzen lagundu zion arraintxoaren atzetik segika zihoala. Arraintxoak laguntza behar zuen, baina hain zen beldurgarria arrain handia, ezen inor ez baitzen hari hurreratzen ausartzen. Olagarroak, ordea, arrain txikiak egin zion mesede handia gogora ekarri eta derrigor lagundu behar ziola sentitu zuen. Pentsatu gabe, tximista baino arinago eginda, arrain handiaren aurrean jarri zen eta, hau harrituta utzi ondoren, tinta-txorro ikaragarria jaurti zion. Arrain txikia hartu eta biak arin joan ziren haitzen artera, ezkutalekua bilatzera. Hain azkar gertatu zen dena, ezen arrain handiak ez baitzuen erreakzionatzeko denborarik izan, baina laster bizkortu eta olagarroaren eta arraintxoaren bila hasi zen; biak jan behar zituen. Baina, halako batean, azkura ikaragarria sentitu zuen, zakatzetan lehenengo, hegatsetan gero… eta gorputz guztian azkenik…

 

Kontua zen arrain artista zela, koloreak maite zituela, … eta olagarroaren tinta ilunak alergia izugarria eragin ziola. Hortaz, arrain handitzarrak alde egin zuen handik, azkura ikaragarriz eta gogo txarrez. Alde egin zuenean, arrain guztiak joan ziren gure olagarroa zoriontzera, hain ausarta izateagatik. Orduan arrain txikiak kontatu zien bi egun lehenago olagarroari lagundu ziola, bai, baina inoiz ez zuela esker onagatik hain gauza arriskutsurik egiteko gauza zen inor ezagutu. Hau entzutean, beste arrainek olagarro lotsati eta isil hura zein jatorra zen jakin zuten… Eta ez zen inor itsaso-inguru hartan olagarro kementsu eta esker onekoaren adiskide izan nahi ez zuenik.

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

 

Minutu bat pentsatzeko…

Pentsatu duzu zenbat arrain sinpatiko eta jator dauden itsasoan? Olagarroak inoiz ez zituzkeen arraintxoak ezagutuko hain lotsati izateari utzi ez balio. Olagarroak ez du hitz egiteko beharrik arrain txikiarekin komunikatzeko; nahikoa du bere esker ona adieraztea. Zuzenean hitz egitea asko kostatzen bazaizu, beste aukera bat keinu atseginez, irribarrez edo “eskerrik asko” soilik esanez komunikatzea da.

 

BIDEOA:

https://www.youtube.com/watch?v=fCXK5WzngWA

 

OTOITZA

Eskerrak, Jesus  nire familiagatik, nire lagunengatik, zuk maitasunez oparitu baitizkidazu.

Zaindu eta babes itzazu. Jesus, eskerrak, egunero bedeinkatzen gaituzulako.

Ona zara eta zugan jartzen dugu gure konfiantza. Amen

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!