EGUNEKO DATUAK
osteguna, 3 de urria de 2024
REFLEXIONES ALTERNATIVAS PARA ESTE DÍA:
GG/LH4-5-6/Urriak/I/osteguna
GOIZEKO GOGOETA/ LH4-5-6/urriak/I/osteguna
SARRERA HEZITZAILEENTZAT

Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean. Amen.

LAGUNTZA ESKATZEKO GAI IZAN

 

Bazen behin sorgintxo berezi bat, sorgintxo ona zelako, ona izaten jakin ez arren. Txikitatik beste sorginen errietak jasan behar izan zituen, besteak bezalakoa, gaiztoa, izan behar zuela esaten baitzioten. Gaixoak asko sufritu zuen, halakorik nahi ez zuelako. Bere sorginkeria guztiak gaizki ateratzen ziren eta, gainera, ez zuen ona izaten irakatsiko zion inor aurkitzen. Horregatik, beti zegoen triste.

Egun batean sorginek mendi handi bat sorgindu eta sumendi bihurtu nahi zutela jakin zuen. Sumendiak herri txikia errausteko balioko zien! Sorgintxo onak gaiztakeria hura eragotzi nahi zuen, baina ez zekien nola, ez zekien zer egin. Jendeari abisu emateko herrira hurbildu zenean, denak irten ziren kalera, sorgintxoari  harrika egitera. “Alde hemendik, sorgin zitala!” esaten zioten. Sorgintxoak, jakina, alde egin zuen, korrika.  Gero, bide-ertzean eseri eta negarrez hasi zen gaixoa. Bat-batean ume batzuk hurbildu zitzaizkion; sorgintxoa negarrez ikusi zutenean, hura kontsolatzen saiatu ziren. Sorginak sorgin ona zela kontatu zien, ona izaten ez zekien arren. Mundu guztiak gaizki tratatzen zuela ere jakinarazi zien. Orduan umeek ona izatea gauza erraza dela esan zioten. Besteei lagundu eta besteen alde ahalegindu. Horixe zen ona izateko modua.

-Eta zer egin dezaket nik zuen alde?

-Gozoki batzuk eman – erantzun zioten bizkor eta alai umeek.

 

Sorgintxoa tristatu egin zen, ez baitzeraman gozokirik aldean… Gainera, ez zekien gozokirik agerrarazteko sorginkeriarik... Hala ere, umeek ez zioten garrantzirik eman eta laster, jostari, beste leku batera joan ziren. Sorgintxoa, pixka bat alaiago, bere haitzulora itzuli zen, mundu guztiari laguntzeko prest. Baina, bidean, sorgin zaharrak aurkitu zituen mendia sorgintzen. Ordurako sumendi bihurtua zegoen eta sua eta laba beroa jaurtitzen hasia zen. Gure sorgin gaztetxoak hori eragotzi nahi zuen, baina ez zekien nola…, eta, hara, bat-batean, hitz magiko asko etorri zitzaizkion gogora eta ahora… eta konturatu orduko, sua gozoki bilakatu zen. Sumendiak gozokiak eta txokolatinak jaurtitzen zituen. Halakorik! Denak herriaren gainera erori ziren, herritarren pozgarri. Eta halaxe ikasi zuen gure sorgintxoak ona izaten, bihotzez laguntzeko prest egonez.

Umeak laster ohartu ziren gozoki-zaparrada hura sorgintxoari esker gertatu zela… eta mundu guztiari kontatu zioten. Harrezkero, herrian inork ez zuen sorgin gaiztotzat hartu, ontzat baizik. Gure sorgintxoa mundu guztiaren adiskide egin zen, denei laguntzen zien… eta herritarrek, haren lehenengo sorginkeriaren oroipenean, Sorgintxo Gozoa esaten zioten.

GALDERAK ELKARRIZKETARAKO

Minutu bat pentsatzeko…

Sorgintxoak ona izan nahi zuen, baina ona izatea ez zen erraza … Gertatu zaizu zuri inoiz halakorik? On eta egoki dena egin nahi izan arren, asko kostatu zaizula? Orduan, zerk bultzatu zintuen aurrera egitera eta ondo jokatzera? Nola sentitu zenuen zure burua gero?

 

BIDEOA: https://www.youtube.com/watch?v=XO-7GiYuFJA

  (36. segundotik aurrera)

OTOITZA

Eskerrak, Jesus  nire familiagatik, nire lagunengatik, zuk maitasunez oparitu baitizkidazu.

Zaindu eta babes itzazu. Jesus, eskerrak, egunero bedeinkatzen gaituzulako.

Ona zara eta zugan jartzen dugu gure konfiantza. Amen

OTOITZAREN ANIMATZAILEA DENOK
LA SALLEKO SAN JOAN BAUTISTA OTOITZ GURE ALDE
BIZI BEDI JESUS GURE BIHOTZETAN! BETI!